11. kapitulua: Zuhaitz basoa, erretserba estrategikoa

“Magia eremu sinbolikoaren bitartez, eremu enpirikoan egiten den jarduna da”. (E. Morin: El Método V, 45 orr.)

Eboluzionista eurozentrikoek uste eta zabaldu duten iritziaren kontra, talde iraunkorra izatea lortu duten kulturetan pragmatismoa izan dute xede. Hau da, mundu mitikoa, magikoa edota poetikoan soilik bizi zirela erakutsi nahi izan badigute ere, gizakia leku guztietan bere bizitza aurrera ateratzeko erabaki logikoak aukeratzen saiatzen da. Izan ere, poesia , mitoa eta magia gizakiaren beste behar praktikoetarako (psikologikoak, askotan) tresnak dira.

Askotan, taldearen biziraupenerako guztiz beharrezkoak diren elementuak, materialak zein sozialak sakralizatu egiten dira, sakralizatzea ez baita jainkoengan sinesmena, norbanakoaren bizitzak baino gehiago irauten duten elementuekiko errespetoa-miresmena-enbidia baizik.

Hori dela eta, ura kultura guztietan bereziki zaindu da[1]. Jakiak, mendiak, lurra eta bestelako lehengaiek ere arreta berezia behar dute.

Kasu gehienetan sakratua dena bizitzaren bermatzailea da eta elementu sakratu horien zaintzarako mitoak, erritoak eta kasu askotan zaintzaileak sortzen dira. Adibidez, lamiak erreken zaintzailentzat jo genitzake.

Fenomeno naturalak, izakiak ala natura bera sakralizatu egiten diren kulturetan, elementu horiekin sinbolikoki komunikatzeko, oreka zaintzeko ala besterik gabe, kudeaketa egokia zaintzeko, aztiak eta chamanak egoten ziren, bai gizonezkoak, bai emakumezkoak.

Ikertzeke daude erromatarrak iritsi aurretik Europako mendebaldean zeuden sinesmen sistemen eta erlijioen ezaugarririk garrantzitsuenak. Baina jakin badakigu, lurraren alde honetan, toki gehienetan bezala, naturaren elementuak sakralizatuta zeudela eta aztiek edota chamenek erritoak bideratuko zituztela. Erlijio zentralizatuen apaizek bereganatu zituzten erritoak betebehar koerzitiboak ezarriz.

Baskonien aztiak ezagun egin ziren erromatar inperioan. Erroman Etruriako aztiak ordezkatu zituztenean, ordezko horietako batzuk euskaldunak izan ziren. Besteak beste aztiak hegAZTIEN hegaldiak irakurtzen adituak ziren. Beraz, naturaren gorabeherak aztertzen, ariketa enpiriko batetik etorkizun hurbila igarri nahi zuten

Magia eta erlijioaren artean erroan ezberdintasun handia dago, elkarezina. Magian natura ulertzeko teknikak lantzen dira, sarritan aztiak edota sorginak Naturari ere “ziria” sartzen ahalegintzen dira eta aztiak taldean leku berezia ukan arren, bere postua zalantzan jarriko dute gaixotasunak sendatzeko eta igorketa zuzenak egiteko gaitasunik ez badu. Aldiz, erlijioetan jaikoekiko menpetasuna. Menpeko egoera, zabaltzen da. Jainkoak apaldu behar dira eta horretarako tartekari baten laguntza behar da, apaiza. Pentsamendu eta jardun magikoa zientziaren aintzindariak dira; erlijioa menpekotasuna eta superstizioarena.

Gehiegi ez dakigun arren, Erroma iristean, euskaldunen jainkoetako bat izan zitekeen, Ortziri (Egu mendebaldean) Jupiterren ezaugarri batzuk emango zizkiotela jakinda ere,  naturan oinarritutako aintzineko erlijio edo sinesmen sistema hartan, tenplu itxien berririk ez zuten izango eta apaizak ere ez ziren beharrezko izango[2]. Akitaniako hilarri eta aldareetan maiz agertzen dira zuhaitzen aipamenak.

Interesgarria da ere aipamen etimologiko xume hau. Hots, euskaraz “patua” hitzarik ez dugu eta mailegu linguistiko greziarra erabiltzen dugu, aldiz, “Zoria” hitza dugu eta honek ere arestian aipatutako gaiarekin lotura zuzena duelakoan gaude, guztiz desberdina baita patuan sinesten duen taldea eta zori ona ala txarra egon daitekeela sinesten duen beste taldea. Patua badago, patua idatzi duen izakiaren ala izaite horrekiko menpetasuna onartuko da, gertaerak aldaezinak izango dira eta patu hori ezagutzeko balizko gaitasuna izango duten taldekideek boterea eskuratzeko erabiliko dute. Zori ona ala txarra egon daitekeela sinestuz gero, kasualitatea onartuko da, gertaera aleatorioak onartuko dira, baina jardun aktiboa ere bultzatuko da, zoria aldatzea posible baita.

Datu gehienak aurkitzeke eta aztertzeke daudela aitortzen badugu ere, Euskal Herrian ere, jendarte egituraren arrazoi sakonak arrazoi pragmatikoak ziren, itxura ala osagarri sinbolikoak emango bazitzaien ere. Antonio Damasio neurologoak gure jardun soziala ulertzeko arrazoi homeostatikoak aipatzen ditu eta diziplina askotatik edaten duen zientifikoa izanik, homeostasi hori taldeengan ere ikus daitekeela esan ohi du. Bestalde, M. Harris antropologoak klasiko bihurtu duen “materialismo kulturalaren” tesiaren ezaugarri nagusiak zuzenak direlakoan, eta beraz Euskal Herri arkaikoan ere basoa eta zuhaitzen sakralizazioaren inguruan sortu zen egituraketa sozialaren arrazoiak pragmatikoak zirela esatera ausartuko gara.

Zergatik zuhaitza?

Esan dugu, kultura indigenak kultura praktikoak dira: kapitalismoak lurraren kudeaketa jasangaitza bultzatzen du, gaurko etekinen alde etorkizuna hipotekatzeko arazorik ez du. Lurra, bizitza eta taldea ezberdin bizitzen dituzten kulturek taldearen biziraupenerako beharrezkoa dena zaintzen dute eta gure kasuan zuhaitza zen babestu beharreko ondasun publiko horietako bat. Zuhaitzak eta basoa zaintzen komunitatearen biziraupena ziurtatzen zen.

Basoak egurra dohainik ematen duelako eta jabetza publikoari eusten, taldeko familia guztiek beraien eraikin, tresna eta altzarietarako egurra ziurtatuta izan zuten.

Erregaia: egurra zen erregai nagusia, ia bakarra. Jateko eta berotzeko ezinbestekoa. Erregaia publikoa eta eskuragarri izatea funtsezkoa zen.

Gernikan eta Uztaritzen gurtzen ziren zuhaitzak haritzak ziren, Garazin eta Maulen Intxaurrondoak. Udazkeneko uzta ematen zuten zuhaitzek babes berezia zuten. Udazkeneko uzta bilgarria (Urrak, ezkurrak eta intxaurrak) negurako. Neguko fruitu bilgarriak eta proteinetan oso aberatsak ziren erretserba estrategikoa. Mediterraneo isurialdean arteak produktu sorta bera ematen zuen.

Ehizarako tokia. Duela gutxi arte, ehizaren bidez lortutako proteinak oso garrantzitsuak izan dira gosete garaietarako ala besterik gabe, dieta aberasteko. XII. Mendetik, Europako basoak murrizten joan ziren (soroak zabaltzeko), baina Euskal Herrian XIX. mendean foruen galera iritsi arte, basoak osoa zabalak ziren eta Europako leku gehienetan gertatu den ezbezala, ehizarako esparru publikoak zabalak izan dira. Robin Hooden mitoak oso ondo adierazten du Erdi Aroan Europako nobleek egin zutena, hots, basoko ehizaren monopolioa indarrez eskuratzen, herri xumearen menpekotasuna lortzen zuten. Euskal Herrian ere saiakera egin zuten, baina Batzarren esku zeuden lurraldetan ezin izan zuten lortu. Adibidez, XVII. mendeko Matalaz apaizak gidatutako matxinadan, zuberotarrak.

Egun arraroa irudituko zaigu, baina aintzinean, berriz, defentsarako ere basoek garrantzia estrategikoa zuten. Lurralde hauetatik erromatarrek galtzadak egin zituztenean, mendi magaletik egin zituzten, bailarak arriskutsuak baitziren. Erdi Aroan eliza kristauak ostu zituen eskumen, eskubide eta gune sinboliko asko[3] eta besteak beste defentsa espirituala eta materialerako elizetan harrizko dorre handiak eraiki zituzten. Herritarrek ordaintzen zituzten obra horiek eta erasoen aurrean, herritarrek bertan aurkitzen zuten babesleku. Bestalde, Batzarren jatorrizko antolaketa forma katolikoaz nahasten hasi zenean, eliza arkupeek hartu zuten garai batean zuhaitzen gerizpeek izan zuten lekua[4].


[1] Aski ezaguna da Karl Wittgofelen “hipotesi hidraulikoa”. Botere zentralistaren sorburuetako bat, zibilizazio batzuen oinarri. Ez hain ezaguna, baina oso kezkagarria, berriz, egun transnazionalen lur guztiaren uraren kudeaketa pribatizatu eta merkaturatzeko ahalegin kriminala.

[2] Australiako aborigeneen kasua oso ondo aztertuta dago, leinu bakoitzak gune sakratua izaten zuen, menditxo baten ondoan eta gehienetan ur iraunkorra zegoen tokietan. Leku horiek ez zaintzea, txikitzea, zikintzea tabu handia zen. Kultura gehienetan dena sakratua da eta hortaz leku guztien “ethos” bera dago. Kultura zentralizatuetan mundu sakratua tenpluetan bereizten da eta tenpluan “ethos” (jokabide zuzena) nagusitzen da, hortik at, beste arauak daude.

[3] Zuhaitz garrantzitsu batzuk  moztu zituzten, batzuetan, gainean gurutze bat jarri ere. Ikusi Angel Larrea Beobide,  Errementariak, jainkosak eta sorginak: mitoak eta magia Arratian, Ediciones Beta III Milenio, 2004.

[4] Historialari klasikoek batailei, nobleei, erregeei garrantzia itzela eman diete, baina gutxitan aztertu da Euskal Herrian benetan pentsamendu eta antolaketa aldaketa ekarri zuen eragilerik boteretsuena: eliza katolikoa, alegia. Erroma klasikoak ez zuen latina inposatu, eliza izan zen, eliza katolikoak aztiak ordezkatu zituen, sorginak akabatu zituen, zergak jartzeko argudio “sakratuak” asmatu zituen, Nafarroako Teobaldo II.ri Foruen gainetik ala Foruekin batera jainkoen “baimena“ eman zion.

2 thoughts on “11. kapitulua: Zuhaitz basoa, erretserba estrategikoa

  1. […] 11. kapitulua, Zuhaitz basoa, Erretserba estrategikoa kapitulua irakurri dezakezu […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s