Talde elkarrizketa Larrun aldizkarian: demokrazia parte-hartzailea

Boterea sozializatzean hasten da demokrazia

Demokrazia ordezkatzailea sistema higatu samarra dago, ez baititu herritar guztien premiak betetzen. Gure hiru solaskideen arabera, sistema aldatu beharra dago. Hirurak kritikoak dira egungo demokrazia ereduarekin, besteak beste, eredua hasieratik krisian hasi zelako, gizabanako guztiak kontuan hartu gabe hasi zelako. Eredu politiko horrek krisia bizi du, baita jendeok baloreen krisia bizi ere. Alabaina, ez dute ukatzen demokrazia ordezkatzailea gizartearen botere harremanak antolatzeko baliagarria –izan– denik. Halaber, demokrazia eredua aldatzeko baldintzak badaudela diote, aldaketak krisialdian ematen baitira. Demokrazia ordezkatzailearen eta parte-hartzailearen arteko elkarbizitza sakon lantzea hobesten dute horretarako.

Jone Martinez Palacios  (EHUko irakaslea), Patxi Azparren eta Arantza Ruiz de Larrinaga (Aldundiko partehartze saileko zuzendaria), ARGIAko egoitzan. (argazkia: Axier Lopez)

Jone Martinez Palacios (EHUko irakaslea), Patxi Azparren eta Arantza Ruiz de Larrinaga (Aldundiko partehartze saileko zuzendaria), ARGIAko egoitzan. (argazkia: Axier Lopez)

Gaur egungo demokrazia ordezkatzaile ereduari buruzko zuen iritzia jaso nahi dugu abiaburuan.

Arantza Ruiz de Larrinaga: Demokrazia ordezkatzailea zaharkitua dago niretzat. Aspalditik datorren sistema da. Gizartea aurrera joan da eta ezarritako eredu horrek ez dio gizartearen beharrei erantzuten. Beraz, ez da behar bezalakoa eta aldatu behar da. Jendeak onartzen du demokrazia ez dela soilik lau urtean behin bozkatzeko sistema, horrek ez diela beren behar guztiei erantzuten. Hala ere, erakundeen barrua eta gizartearen egoera ezagututa, eredu ordezkatzailearen eta parte-hartzailearen arteko elkarbizitza landu beharra ikusten dut, bi ereduek batera landu beharko ditugu urte luzetan. Hau da, ezin dugu eredu zaharra gainditutzat jo eta berria ezarri ezinbestean. Demokrazia berriak bietatik elikatu beharko du. Eredua aldatzen joango gara egungo demokraziaren mekanismoak baliatuz.

Jone Martínez Palacios: Nik gehituko nuke demokrazia ordezkatzailea krisian jaio zela. Une batean ezarri zen, eta aurrerapen inportanteak ekarri zituen gizartearen botere harremanak antolatzeko. Baina krisian hasi zen, batetik, gizabanako guztiak kontuan hartu gabe hasi zelako, emakumeak, adibidez. Demokrazia jendearen harremanak lantzeko baliabidea da, baina egungo sistema populazioaren erdia kontuan hartu gabe jaio zen. Egun krisia bete-betean dago, horregatik sortzen ari dira eredu parte-hartzailearen proposamenak, bai erakundeetatik bai norbanakoen aldetik. Demokraziaren barnea krisia dago, ez horrenbeste demokraziaren nozioa.

Patxi Azparren: Ados, eta ziur aski, eredua aldatzen joateko trantsizio luzea egin beharko dugu. Alegia, gaurko egoera errotik aldatu beharko genuke, baina ez gaude testuinguru iraultzaile batean. Hala ere, egungo sisteman aldaketa eman beharra dago, demokrazia parte-hartzaileago baterako bidea egin behar dugu. Gero eta nabariagoa da, demokrazia garatu den herrialdeetan fase historiko baten amaieran gaude. Demokrazia ordezkatzailearen eredua jendarteko gatazken konponbidean sortu zela esan liteke, nolabait. Demokrazia gerra egoera konpontzeko eredua izan zen hein batean: talde politikoetan eta hauteskundeetan parte-hartzearen bitartez. Hau da, indar korrelazioaren arabera gizartea egokitzeko. Baina, gaur egun, herritarrak oso urrun sentitzen dira politikariengandik, neurri batean politikariek politika lanbide soiltzat hartu baitute.

Gizarteak parte-hartzea eskatzen du, baina erakundeetatik partaidetza prozesuak sustatzen direnean, jendea parte-hartzeko ekimenetan inplikatzea zaila dela ematen du. Ados?

P. Azparren: Aurreiritzi horiek badira, baita aurreiritziak ez diren iritzi sendoak ere. Hau da, batetik, parte hartzeko prozesua erakunde batetik proposatzen bada, jende askok pentsatzen du gaia aurretik erabakita dagoela, beldurrez hurbiltzen da. Jendearen aurreiritzien arabera, prozesuaren atzean trikimailuak daude, proposamena antzua dela hasieratik pentsatzen du. Bestetik, prozesuan aritzeko deia lan orduen barnean egina bada ez doa ia inor, eta hori normala da. Asteburuetan egiten bada, gehiengoak aisialdira jotzen du. Parte hartzeko mugak daude, noski. Dena den, aitortu behar da, herritarrek parte hartzeko ohitura galdu dute, edo ez dugu inoiz ere ohiturarik izan. Gizarte ekimenetan begi-bistakoa da hori.

A. Larrinaga: Patxiren ideia batzuk partekatzen ditut, baina ez zait iruditzen jendeak parte hartzen ez duenik. Mesfidantza dagoela? Ados.  “Balioko al du horrek?”, esaten du jendeak. Diktadura bukatu zenetik fase ezberdinak egon dira: ordura arte –egoera zena zela ere– jende askok parte hartu zuen herri ekimenetan, egoera soziala ere oraingoa baino txarragoa zelako. Ondoren, egungo erakundeak sortu ziren. Urte askotan egin diren prozesuak makillatuak izan direla? Ados. Hau da, prozesuak legitimatzeko erakundeek “pedagogia lana” egin behar izan dute eta herritarra erakundeen bezero bilakatu da, nolabait. Herritarrak udaletxeen bezero bihurtu dira. 30 urtetan praktika izan da, nolabait. Orduan, joera hori jendearengan errotzen bada, zerbitzuak gero eta hobeagoak daudela diote herritarrek, beraz, erakundea ona da. Demokrazia sistema hau batez ere zerbitzuetan zentratu da, ez pertsonengan. Horrek arrasto bat utzi du. Azken urteetan hainbat udaletan parte hartzeko proposamenak izan dira eta aurrera ateratzen saiatu dira. Asmoa eta nahia badaude, baina metodologia sendoagoa falta da. Askotan, gauzak ez dira ondo atera metodo eskasarengatik, prozesuak zabaltzea zaila izaten da. Gure esperientziarengatik diot [Gipuzkoako Aldundiko Parte-Hartze zuzendaria da], parte hartzeko esperientziak modu zabalean planteatu direnean –jendearen presentzia zuzenaren edota on-line bitartez– gure esperientzia ona izan da. Ez guk nahiko genukeen kopuruan edo mailan, noski. Baina ezin dugu pentsatu ere, parte-hartze prozesuetan milaka pertsonak inplikatuko direnik, prozesu horiek batez ere kualitatiboak izaten dira eta.

P. Azparren: Zehazpen bat: lehengo nire azalpenean ez dut erakundeen proposamenaz hitz egin, herri ekimenei buruz baizik.

Jarraitu irakurtzen Argia astekarian

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s