Lapurtarren Biltzarra. Maite Lafourcade

Maite Lafourcade: �Demokrazia zuzena zegoen Lapurdin 1789ko iraultza heldu arte�

Maite

Bob EDME argazkia.
Baionan jaio zen 1934an eta 2006an Eusko Ikaskuntzako saria lortu zuen lehen emakumea eta lehen lapurtarra bilakatu zen. Euskal zuzenbide pribatuaren inguruan egindako lan handia dela eta irabazi zuen hain sari garrantzitsua. Paueko unibertsitateko Euskal ikasketen zuzendaria izan zen.

Idoia ERASO | BAIONA
Pierre De Lancre inkisidoreak orkestratuta Lapurdin sorginkeria epaiketak eta erailketak izan zirenetik laurehun urte pasa direnean, Lapurdi 1609 elkarteak hainbat hitzaldi antolatu ditu garai hartako gizartea eta gertakizunak ezagutzera emateko. Lapurdiko legeek nobleei eskubide bereziak ematen ez zizkietelako etorri ziren inkisidoreak lurraldera. Maite Lafourcadek atzo Senperen emandako �Euskal legeak XVI. eta XVII. mendeetan� hitzaldia funtsezkoa da hori ezagutu eta garaia ulertzeko.

Nola zegoen antolatuta garaiko gizartea?
Jabegoa kolektiboa zen, antzinako garaietatik etortzen zen egitura zen, araubide naturala segituta emana; antzinako garaietan ez zegoen jabego pribaturik. Talde jabegoa zenez, familia zen etxearen jabea eta bere ondare guztiarena; hau da, talde moduan familiako pertsona guztiak ziren jabeak. Era berean, landatu gabeko lur eremuak biztanle guztienak ziren.

Familia zen, beraz, gizartearen oinarria.
Bai, familia etxearen inguruan biltzen zen, ekonomi-unitate baten inguruan. Familia, Euskal Herrian, familia zabala zen; hau da, gutxienez bi bikote kudeatzaile zeuden. Gurasoak eta oinordeko ezkondua zeuden, eta beraien inguruan etxetik joan ez ziren guztiak. Denena zen ondare hori, ezin zen saldu eta ezin zen banatu. Familia eta etxea gorputz bakarra ziren, familiak etxearen izena hartzen zuen. Kudeatzailea zen etxeko gizona edo andreak ere ezin zuen ezer saldu. Zorigaitzez ondareren bat saltzen bazen, leinu berreskurapena zegoen; hau da, saltzailearen oinordekoak, edozein belaunaldikoak izanik ere, eskubidea zuten saldutako ondarea prezio berean berriz erosteko. Apartekoa! Bistakoa denez, burgesek ez zuten lur euskaldunetan inbertitu nahi. Horregatik, Baionan Aturri ibaiaren bestaldean eraiki zuten.

Inorenganaezinak eta banaezinak ziren ondareak. Horrenbestez, oinordeko terminoa ez da erabiltzen ahal, zuzenbide erromatarretik datorrelako, hemen etxerakoa esaten zuten. Bera zen belaunaldi bakoitzean familia guztiko kideen arduraduna, bere senar edo emaztearekin batera. Lapurdin eta Ipar Euskal Herrian premuak zuen etxea kudeatzen, emakumea zein gizona izan; berdintasun juridikoa zegoen emakume eta gizonen artean.

Beste seme-alabek zer egiten zuten?
Gurasoek eman nahi zietena jasotzen zuten, ohituretan ez zegoen ezer ezarrita, etxearen baliabideen araberakoa zela bakarrik esaten zen. Etxearen ohorea oso garrantzitsua zenez Euskal Herrian, gaur egun ere hala da, familiako kide guztiek etxearen duintasunaren araberako egoera izatea beharrezkoa zen. Orokorrean ikasketa prosezua ordaintzen zuten gurasoek, etxea lanbide batekin utzi ahal izateko. Zurginak, igeltsariak, teilagileak… egiten ziren. Kostaldean eta Senperen ere arrantzale asko zeuden.

Apaiz ere egiten ziren asko, ohore handiko lanbidea baitzen. Neskak dendariak eta jostunak egiten ziren, edo etxe burgesetan ezartzen zituzten.

Premu batekin ezkontzen zirenak ere baziren. Etxea uztean dirua jasotzen zuten eta oinordekoaren gurasoei ematen zitzaien; horren trukean etxe horretako nagusiak bilakatzen ziren. Horrela bi bikote kudeatzaile egoten ziren etxeetan, zaharrak eta gazteak, batzutan hiru ere izaten ziren aitatxi eta amatxi bizirik baziren; denek eskubide berdinak zituzten.

Herritargoa nola antolatzen zen?
Herritargoaren artean, etxeen artean ere berdintasuna zegoen. Etxe guztietako nagusiak elkartzen ziren, normalean nagusi zaharra joaten zen eta igandean elizatik ateratzean asanbladan elkartzen ziren; bertan herritargoari zegozkion erabaki guztiak hartzen zituzten.

Nolako erabakiak?
Herriko zaindaria izendatzen zuten. Medikua ere izendatzen zuten, zeren eta medikua herritargoak ordaintzen zuen eta gero, etxeetara joaten zenean, dohainik zen. Abonamendua zegoen eta gero joan-etorria ordaintzen zen soilik.

Errota herriarena zen eta horren inguruko erabakiak hartzen zituzten; aldiz, Frantzian jauntxoaren jabegoa zen. Eta batez ere lur komunalez arduratzen ziren. Ondoko herrietako hitzarmenez ere arduratzen ziren, baita mugaz bestaldeko herriekin ere; gerra garaian ere, ez zituzten estatuak eta mugak ezagutzen.

Pierre De Lancrek Lapurdi ia errepublika bat zela aipatzen zuen bere liburuan.
Demokrazia zuzena zen, erabakiak hartzeko gehiengoak agintzen zuen. Etxeetako nagusiek zuten boterea. Baina etxeetako nagusiek bakarrik parte hartzen zuten komunitatean; auzokideak deitzen ziren, baina auzokide izateko etxe baten jabetza izan behar zen eta zergak ordaindu behar ziren.

Beraz baztertu asko zeuden, klerikoa eta jauntxoak baztertuta zeuden; hori apartekoa zen Frantzian. Erregearen ordezkariak ere baztertuta zeuden. Arraza madarikatuak, ijitoak eta agoteak, baztertuta zeuden. Frantses estatuan oraindik XVII. mendean zerbitzari asko zeuden, ia esklaboak zirenak.

Euskal Herrian ere zerbitzariak zeuden?
Ez, hemen ez, denak askeak ziren; apartekoa zen. Nafarroako erresuman baziren, eta Araban ere bai, jaun handiak zeudelako, baina Lapurdin ez. Lapurtarrek beti askatasuna defendatu zuten, iraultza heldu arte.

Lapurtarren Biltzarraren bitartez defendatzen zuten.
Bai, hori da. Herri bakoitzak, urtero behin bederen, diputatu bat ezartzen zuen probintziako biltzarrera joateko. Biltzarra, bildu zahar.

Antolakuntza hori kristautasuna baino lehenagokoa zen, apaizak baztertuak zeudelako eta nobleak ere bai. Euskaldunek ez zuten gizartea hiru ordenetan banatuta. Hegoaldean ere berdina zen, apaizak kanpoan zeuden eta denak nobleak ziren; beraz, parte hartzen zuten.

Zer erabaki hartzen ziren Lapurtarren Biltzarrean?
Lapurdiko erabaki guztiak hartzen ziren Uztaritzeko biltzarrean. Zuberoan Silvieta zegoen eta Nafarroan estatuak zeuden, gorteak bezalakoak. Nafarroa Beherea sei estatuz osatuta zegoen; bailaretan banatuta zegoen lurraldea eta bakoitzak bere gorte orokorra zuen, eta Silvieta eta Lapurtarren Biltzarra bezala osatuta zegoen, hau da, asanblada politiko tradizional bezala, Euskal Herri osoan zegoena, hegoaldean ere bai.

Biltzarrak bere sindik edo nagusia aukeratzen zuen eta berak biltzarra biltzeko boterea zuen, hori apartekoa zen Frantzian, beti erregearen ordezkariaren boterea izaten baitzen hori, baita Zuberoan eta Nafarroa Beherean ere. Biltzarra antolatzen zenean gai guztiak jorratzen zituzten eta etxeetako nagusiak herrietara bueltatzen ziren inolako erabakirik hartu gabe.

Eta hurrengo igandeko batzarrean herrietako etxeetako nagusiek bozkatzen zuten eta gehiengoaren bozkarekin biltzarraren bigarren bilkura egiten zen; bertan, erantzun guztiekin bozkatzen zen. Herri edo parrokia bakoitzak bozka bat zuen, herriaren tamaina kontutan hartu gabe.

Familian oinarritutako demokrazia zuzena zen, indibidualismoa ez zen existitzen, norbera ez zen existitzen; dena familia eta herritargoa zen.

Nobleak eta erregeak ez ziren pozik egongo, beraz.
Bistan denez erregeak ez zuen egoera onartzen. Henry IV.a tendentzia absolutista izan zuen lehen erregea izan zen eta aukera guztiak baliatu zituen bere boterea ezartzeko. Bereziki jauntxoek egindako errekerimendua izan zen, Lapurdiko bizitza politikotik kanpo baitzeuden erabat.

Senpereko baroiak eta Urtubiako bizkondeak errekerimendu bat egin zioten erregeari orden publikoa berrezarri behar zela esanez sorginak zeudelako, sorginek uztak suntsitu eta eritasunak igortzen zituztelako. Henry IV.ak aitzakia baliatu zuen eskua sartzeko.

Henry IV.ak zer egin zuen?
Funtzio publikoan bi langile mota zeuden; ohikoa zen ofiziala eta ezohikoa zen komisarioa. Zeregin zehatz batetarako izendatzen zituzten komisarioak eta botere guztiak zituzten.

Henry IV.ak bi komisario bidali zituen Lapurdin ordena ezartzeko; Pierre De Lancre eta D’Espaignet jauna. De Lancre jaunak deabrukeri ikasketak eginak zituen eta deabrua toki guztietan ikusten zuen. Horregatik emakume asko torturatu zituen, apaizak ere torturatu zituen, beraien aurkako salaketak izan zirelako; aitortu arte torturatu zituzten guztiak.

Komisarioak garai ona aukeratu zuten Lapurdira etortzeko. Izan ere, marinelak itsasoan zeuden bitartean etorri ziren. Izan daiteke garai horretan emakumeek besta egitea, kanta eta dantza eginen zuten, besterik ez.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s