Talde elkarrizketa Larrun aldizkarian: demokrazia parte-hartzailea

Boterea sozializatzean hasten da demokrazia

Demokrazia ordezkatzailea sistema higatu samarra dago, ez baititu herritar guztien premiak betetzen. Gure hiru solaskideen arabera, sistema aldatu beharra dago. Hirurak kritikoak dira egungo demokrazia ereduarekin, besteak beste, eredua hasieratik krisian hasi zelako, gizabanako guztiak kontuan hartu gabe hasi zelako. Eredu politiko horrek krisia bizi du, baita jendeok baloreen krisia bizi ere. Alabaina, ez dute ukatzen demokrazia ordezkatzailea gizartearen botere harremanak antolatzeko baliagarria –izan– denik. Halaber, demokrazia eredua aldatzeko baldintzak badaudela diote, aldaketak krisialdian ematen baitira. Demokrazia ordezkatzailearen eta parte-hartzailearen arteko elkarbizitza sakon lantzea hobesten dute horretarako.

Jone Martinez Palacios  (EHUko irakaslea), Patxi Azparren eta Arantza Ruiz de Larrinaga (Aldundiko partehartze saileko zuzendaria), ARGIAko egoitzan. (argazkia: Axier Lopez)

Jone Martinez Palacios (EHUko irakaslea), Patxi Azparren eta Arantza Ruiz de Larrinaga (Aldundiko partehartze saileko zuzendaria), ARGIAko egoitzan. (argazkia: Axier Lopez)

Gaur egungo demokrazia ordezkatzaile ereduari buruzko zuen iritzia jaso nahi dugu abiaburuan.

Arantza Ruiz de Larrinaga: Demokrazia ordezkatzailea zaharkitua dago niretzat. Aspalditik datorren sistema da. Gizartea aurrera joan da eta ezarritako eredu horrek ez dio gizartearen beharrei erantzuten. Beraz, ez da behar bezalakoa eta aldatu behar da. Jendeak onartzen du demokrazia ez dela soilik lau urtean behin bozkatzeko sistema, horrek ez diela beren behar guztiei erantzuten. Hala ere, erakundeen barrua eta gizartearen egoera ezagututa, eredu ordezkatzailearen eta parte-hartzailearen arteko elkarbizitza landu beharra ikusten dut, bi ereduek batera landu beharko ditugu urte luzetan. Hau da, ezin dugu eredu zaharra gainditutzat jo eta berria ezarri ezinbestean. Demokrazia berriak bietatik elikatu beharko du. Eredua aldatzen joango gara egungo demokraziaren mekanismoak baliatuz.

Jone Martínez Palacios: Nik gehituko nuke demokrazia ordezkatzailea krisian jaio zela. Une batean ezarri zen, eta aurrerapen inportanteak ekarri zituen gizartearen botere harremanak antolatzeko. Baina krisian hasi zen, batetik, gizabanako guztiak kontuan hartu gabe hasi zelako, emakumeak, adibidez. Demokrazia jendearen harremanak lantzeko baliabidea da, baina egungo sistema populazioaren erdia kontuan hartu gabe jaio zen. Egun krisia bete-betean dago, horregatik sortzen ari dira eredu parte-hartzailearen proposamenak, bai erakundeetatik bai norbanakoen aldetik. Demokraziaren barnea krisia dago, ez horrenbeste demokraziaren nozioa.

Irakurtzen jarraitu